Talako Kantinan neurtu dugunaren arabera, publikoaren %80 inguru euskaraz atenditu dugu aurten (2024).
Euskararen erabileran atentzioa ipini eta ondorio argi bi atera ditugu. Batetik, lehen hitza euskaraz eginez gero, jende gehiago animatzen dugula euskaraz aritzera. Bestetik, euskaraz hitz egin ez baina ulertzen dutenak ere zenbatuta, hamarretik zortzigaz euskaraz jarraitu dugula berbetan, arazorik gabe.
Hasieratik izan da gure borondatea herrian lan eta bizitzea, euskaraz. Euskaraz da beti gure lehen berba, datorren edonori ondo etorria ematen diogunean. Baten batek ulertzen ez duela esaten badigu, orduan arazo barik egiten dugu errazago zaion hizkuntzan.
Bide horretatik egin genuen ariketa informal bat iaz, post-it bategaz: zein hizkuntzatan erantzuten digute bezeroek? Aurten, neurketa hori denboran luzatu gura izan dugu. Hizkuntza erabileraren fitxa sinple bat sortu dugu, post-it hartatik abiatuta.
Neurketaren mugak
Hasieratik argi uzteko: ezin izan dugu egunero neurketa sistematiko bat egin. Barrako lana eta aldi berean fitxa betetzen aritzea ez da beti posible izan. Zentzu horretan, interesgarria litzateke digitalizazio moduren bat garatzea. Adibidez, kobratzerakoan eskura edukitzea botoi bat, keinu bakar bategaz markatzeko zein hizkuntzatan aritu garen. Asko erraztuko luke lana.
Bestalde, Talako Kantinan egindako neurketa ez da estrapolagarria beste taberna batzuetara. Lokalen artean publiko-mota desberdintasunak egon ahal dira: auzokoak, bisitariak, kontsumo-ohiturak…
Dena den, hutsuneak hutsune, ariketa oso interesgarria egin zaigu eta eskura utzi gura dugu sortu dugun fitxa, Euskal Herriko beste lokal, taberna edo komertzio txikientzat.
Nola neurtu dugu
Fitxa sinple hau diseinatu dugu, eta gura duenak deskargatu eta erabili dezake, inprimatu eta eskuz betetzeko:
Kantinara sartu diren pertsonekin elkarrizketa zelan izan den da apuntatu duguna. Pertsona kopuruaren arabera, horrela anotatu dugu. Adibidez, bi lagun sartu badira barrara eta lau lagunentzako erronda eskatu badute, guk hitz egin dugun bi lagun horiek apuntatu ditugu, ez lau.
Apuntatu ditugun elkarrizketak, barran egin ditugunak izan dira. Terrazan gero zein hizkuntzatan aritu den jendea ez dugu neurtu. Hala ere, batzuetan bai ohartu gara barran gugaz euskaraz egin eta gero euren artean erdaraz aritu direla batzuk: aparte apuntatu ditugu detektatutakoak.
Adibide bat: gazte bi sartu dira, euskaraz eskatu digute lau kafesne, terrazara atera dira lagunengana eta han ez dakigu zelan aritu diren euren artean, barran jarraitu dugulako lanean. Apuntatu dugu bi lagun euskaraz: “Euskaraz II”.
Tresnak erabilera bultzatu
Soziolinguistika Klusterraren kale neurketa baliatu gura izan dugu, baina aldagai berri batekin: gure berba euskaraz mantendu dugu komunikazioak hizkuntza aldatzera behartu gaituen arte.
Horregatik, fitxa honek, neurtzeko bakarrik ez, euskara erabilera areagotzeko ere balio du. Lankideok kontzienteago aritu gara euskaraz, jakiteko fitxan zein den markatu behar den aukera. Horrek berez ekarri du euskara gehiago entzutea barrako elkarrizketetan.
Zenbaki batzuk
Esan bezala, neurketa ez da sistematikoa, zientifikoa edo estrapolagarria, baina apuntatu ditugun zenbakiak irakurtzean, guk bataz besteko hauek atera ditugu:
Udaberrian:
– Euskaraz %82,43 (hitz %72,97 + uler %9,46)
– Gaztelaniaz %15,45 / Inglesez %1,35 / Frantsesez %0,77
Udan:
– Euskaraz %79,24 (hitz %68,07 + uler %10,17)
– Gaztelaniaz %16,81 / Inglesez %2,31 / Frantsesez %0,26 / Beste %1,38
Abenduan:
– Euskaraz %74,42 (hitz %63,12 + uler %9,46)
– Gaztelaniaz %21,26 / Inglesez %1 / Frantsesez %0,66 / Beste %2,66
Egun berezi batzuk
Abenduak 6-7-8 (zubia Espainian eta alerta laranja eguraldia):
– Euskaraz %48,42 (hitz %40,08 + uler %8,34)
– Gaztelaniaz %45,87 / Inglesez %2,85 / Frantsesez %2,85
Azaroak 29-30 (Gorka Urbizuren kontzertu asteburua):
– Euskaraz %94,12 (hitz %82,35 + uler %11,76)
– Gaztelaniaz %5,88
Kantinatik ondorio batzuk
Euskararen alde ahalegin kontzientea egiteak dakar erabilera igotzea. Lankide guztiok dakigu euskaraz, gure artean natural jarduten dugu horrela eta publikoarekin lehen hitza euskaraz da beti. Jarrera horrek markatzen du Kantinako hizkuntza ekosistema.
Gaztelaniaz berba egiten duten guztiak ez dira kanpotarrak, herriko jende batek ez daki euskaraz. Era berean, euskaraz apuntatutako denak ez dira herrikoak, Euskal Herriko beste herri batzuetatik datozenak ere badira. Ez ditugu azpiatal horiek neurtu.
Frantsesez gutxi markatu dugu, gehienek gaztelaniaz hitz egiteko ahalegina egin dute; beste herrialde batzuetako bisitariek ere bai. Inglesez, uste genuena baino gutxiago egin behar izan dugu, hitz egiteko gaitasuna badugun arren.
Herrian turismoak gorakada nabarmena izan badu ere, gure eskaintzak eta jarduerak herriko bezero ugari fidelizatzera garamatza, eta, horri esker, lortzen dugu harremanen gehiengo zabalena euskaraz mantentzea.
Udan, turista kopurua igo egiten den arren, herritarrena ere bai, freskotasun bila gu gauden lekura datozelako asko: itzaletan dagoen parke bat, itsasoko brisarekin.
Eguraldi eskasenetan nabaritzen da gehiago kanpoko hizkuntzen presentzia. Herriko jende batek etxeko goxotasuna aukeratzen du eta bisitariak, behin bidaia eginda, ahalegina egiten du herriko lekuak bisitatzeko.
Herrian zelako jarduera kulturalak egiten diren, kanpoko bisitarien tipologia ere asko markatzen du. Euskal Herriko bisitariak erakartzen direnean (km0 turismoa), euskaraz gehiago entzuten da eta euskara mota gehiago entzuten dira, ez bakarrik Kantinan, baita herri osoan ere.
Erakundeak eta herritarrak
Eusko Jaurlaritzaren LanHitz diru laguntzari esker finantzatu dugu artikulu honetan azaldu ditugun fitxa eta neurketak, eta baita beste jarduera batzuk ere, gure lantokian euskararen presentzia etra erabilera areagotzeko baliagarriak: nominak euskaratu, batzarrak euskara hutsean, Eusle metodoa aplikatu lantokiko harreman informalagoetan…
Goragoko parrafoan aipatutakoaren bidetik, uste dugu posible dela Bermeon euskararen erabilera-kopuruan positiboki eragin ahal duten politikak aktibatzea (kulturalak, sozialak, ekonomikoak), non azken urteetako kale neurketek euskararen beherakada erakusten duten.
Herritarrei, gure buruari barne, euskaraz berba egiteko lotsarik ez edukitzea eskatu gura diegu, ezta kanpotik datozenekin ere: egun on, barkatu, eskerrik asko, handik edo hemendik eskuz seinalatuta. Erraz ulertzen diren keinu eta berbak dira.
Askotan, atzerritarrek ere eskertzen dute euskaraz entzutea. Hemen bizi diren migranteek etxean onartzen dituzula sentitzen dute. Bisitariak, zerbait berria ikastearekin pozarren joaten dira. Anekdota positibo gehiago gertatu zaizkigu konfliktiboak baino.
2025ean ere bide beretik segitzeko asmoa daukagu.
Bermeon eta ondo bizitzeko, guk euskaraz gurago.