Presa ez da osasuntsua

Talako Kantina atzera ere irekitzeko pausuak astiro emango ditugu. Mundu mailako osasun-larrialdiaren ostean, Espainiako gobernuak itzulera faseka egiteko neurriak aurkeztu ditu, eta, horiek irakurri eta gero, kantinariok geure erritmoa markatzea erabaki dugu.

Hauek izango dira Talako Kantinaren deseskalada-faseak:

1.go fasea: zarratuta

Oraindino ez daude lege-baldintza egokienak gure jarduna garatzeko. Presaka arrankatu beharrean, gurago dugu gauzak astiro eta ondo egin.

Kantina prestatzen ibiliko gara hasierako fasean: eskinarik ilunenak buru-belarri garbitu, horma zikinduak zuriz margotu eta bueltarako higiene neurri egokienak instalatu.

2. fasea: hurreko produktuak

Pandemiak ez digu guztioi berdin eragin. Multinazional batzuek dirutza egin duten bitartean, komertzio txiki askok zarratu egin behar izan dute. Ostalaritzan ere, badaude gehiago sufritu duten proiektuak: txikiak, artisauak, bertokoak.

Kantinaren 2. fasean denda modura funtzionatuko dugu eta prioridadea emango diegu produktu lokalei eta ekologikoei, laguntzeko gure era izango da. Multinazionalei distantzia ipintzea.

3. fasea: terraza berria

Indarberrituta irekiko dugu, azken fasean, Talako Kantina: barrutik garbi eta margotuta, karta zerrenda osatuago bat eta, pastelaren ginda, enkargatu dugun terraza berria.

Tala garbiago eta osasuntsuago baten alde, neurriak hartzen jarraitu gura dugu. Disfrutatzea, arduratzea ere badelako. Artitan, mesedez, zaindu dezagun Tala, denon artean.

Elkartasuna gremiokideekin

Gorago ere esan dugu: pandemia honek ez gaitu guztiok berdin kolpatu. Zintzoak izateko, Kantinaren egoera ekonomikoa nahikoa jasangarria da. Horregatik hartuko dugu hau guztia lasai, astiro, eta ahal dugun neurrian produktu lokalei lagunduz.

Ostalaritzako kide askoren egoera, tamalez, ez da hain erraza izaten ari, eta horiekiko elkartasuna adierazi gura dugu hemendik.

Herriko taberna gehienok ez dugu hasieran irekiko, osasun neurriak eta mugak zorrotzegiak direlako eta ez direlako lanerako baldintza egokiak. Batzuek, hala ere, hasieratik irekiko dute, euren egoera ekonomiko larriak behartuta, derrigor, gastu handiegiak dituztelako.

Guztien egoerak desberdinak direla onartzea da, gure ustez, elkarrekiko elkartasuna lantzeko abiapuntua: beharrizan handiena duenarekin solidarioak izateko momentua da, apurka-apurka denok egiteko aurrera, elkarrekin, atzean inor utzi barik.

Herriko lanpostu eta negozio txikien bideragarritasuna ere ardura kolektiboa delako.

Zaindu eta, ahal dugun neurrian,
babestu herriko lokalak!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude