Osasun larrialdiak eraginda Kantina zarratu behar izan eta gero, astelehen honetan irekiko dugu atzera ere. Denda modura irekiko dugu, ez taberna; eta ordutegi mugatuarekin.
astelehenetik barikura 11:00etatik 14:00etara
Gainera, Euskal Herriko produktuak bakarrik eskainiko ditugu lehenengo egun hauetan. Almazenetik irteteko gogo eta beharrizan handiena dutenak: ardo organikoak, hurreko sagardotegiak, zerbeza artisauak, eroateko kafea&esnea, zumo ekologikoak.
Zergatik?
Batetik, gustatzen zaizkigun proiektuei lagundu gura diegulako: bodega edo fabrika txikiak, konfinamenduak bereziki kalte egin dien produktore horiek. Bestetik, multinazional handiengandik urrun segitu gura dugulako.
Distantziamendua onuragarria izan bada osasunarentzat, estrategia berbera probatuko dugu multinazionalentzat, astebetez gehiago bada ere, a ver zer gertatzen den.
· · · Ohiturak aldatu · · ·
Honezkero, ez da ezer iguala izango. Esaldi hori entzun edo irakurri dugu askotan. Ikasiko genuela denok beste era batera bizitzen, benetako balioa zeri eman behar diogun ulertzen, zaintza-lanak, osasuna, elikadura mimatzen. Aukera dagoela sakakada kolektiboa emateko noranzko horretan: bizitza erdigunean ipiniko duten dinamiketan.
Gu ez gaude oso seguru gauzak asko aldatuko ote diren, edo aldaketa denak izango diren positibo (eta norentzat); ez dugu baikorregiak izan gura.
Normaltasun arraroa da mundua ulertzeko orain arte eduki dugun modua eta operandia. Aldaketarik ekarri duen gu guztion mentalkerietan konfinamendu honek guztiak? Badaude baikor direnak. Ezkorrak ere asko dira, ordea, gauzek bere horretan berdin jarraituko dutela diotenak.
Berdin jarraituko dugu orduan guk ere, hau guztia aldatzeko ahal duguna egiten. Orain arte bezala.
· · · Lagunak lagundu · · ·
Sektore batzuetan tripako minez ikusi behar izan dugu zelan komertzio txiki askok lehendik ere zaila zeukaten egoerak okerrera egin dien, eta, bitartean, multinazional handiek negozioak handitu dituzten.
Nekazariei azoketan saltzea debekatu zitzaien egun askoan, eta Corte Inglesek jaiegunetan ere ireki zuen. Liburu-denda batzuek ezin izango dute berriro aterik ireki, eta Amazonek sekulako irabaziak egin ditu. Adibideak asko dira, haserretzeko modukoak.
Guk ez daukagu gaitasun handirik mundua iraultzeko, baina beti paratuko gara txikien alde, ahal dugun neurrian. Horregatik lagunduko diegu, lehenengo, beharrizan handiagoa duten proiektuei. Hurrekoei, urrea baino hurreagoei. Jagon gura ditugun harreman benetan baliotsu horiei.
· · · Dendaren funtzionamendua · · ·
Hasieran esan dugun eran, astelehenetik barikura irekiko dugu, hiru orduz. Horrek esan gura du ez dela terrazarik egongo, eta komuna ere ez dela erabilgarri egongo. Kantina barrura ere ezin izango da sartu, langileok bakarrik.
Leihotik atendituko zaituztegu. Kartatik, aukeran dauden produktuak elejidu eta eroateko preparatuko dizkizuegu. Edalontzirik ez dugu zerbitzatuko. Salbuespen bakarra, eroateko kafea eta infusioak izango dira. Paperezko edalontzietan aterako ditugu eta paperontzi bat egongo da edalontzi horiek birziklatzeko.
Ordainketak eskudirutan egingo dira (ez daukagu Internet, bizum edo datafonorik). Jasoko ditugun diruak ontzi batera sartuko ditugu, eta bueltak aurretik desinfektatuta ditugun txanpon eta bileteekin itzuliko dizkizuegu.
Legeriak markatutako higiene-neurri guztiak beteko ditugu (hainbeste parrafo artean galtzen ez bagara, behintzat), eta, behar izanez gero, geure lokalera egokitutako neurri propioren bat extra ere hartuko dugu.
Zaindu Tala.
Zaindu zuek.
Zain gaitezen denon artean.