Bost urte.
Ofizialki abuztuaren 1ean.
Arinagotik hasi baginen ere.
Idatzi genuen proiektu bat Udalari aurkezteko eta pujatu genuen ahalik eta baxuen; ez geneukan dirurik eta bagenekien idazten. Taellada antolatu zuten gazteek, eta atera genuen barra bat: “Dirua aurreratu beharko da jeneroa erosteko, edo? Nori eskatzen zaizkio heinekenak, jagermaisterrak eta josekuerboak, eta zenbat?”. Prestaketa eta kudeaketa txosnero eta hasiberri batzuk egin genituen arrankatzeko.
Hori baino arinago ere badago bideo bat mobilaren hemerotekan. Kantinaren zaharberritze lanak egiten ari ziren oraindino, obretako hesiak-eta kendu barik. Zulo bat eskaileretan. Eskonbroak arbola artean. Zelako proiektura murgilduko ginen oso ondo jakin gabe, urduritasun eta insomnio gau horietako batez, burua kezkaz biraka, obreroek eragindako hautsez beteta bezala, dena laino. Eta, aurrean, eguzkia irteten horizontetik.
Timelapse bat.
Bost urte daborduko.
Ofizialki abuztuaren 1ean, 2015etik hona.
Udalaren aparejadorearekin, arkitektoarekin eta subkontratarekin eztabaidan aritu ginen hasierako egunetako baten, kañeroa barran ez zela sartzen-eta, ia zer Kantina modu izango zen zaharberritu hau, kañero bat ere ez bada kabitzen inon. Han gu, hasiberriok, Heinekenen teknikariarekin kañeroa kabitzeko tetrisa egiten metro koadro gutxiko habitakulo errenobatu hartan. Hori bai, bentana berriak preziosoak.
Zer genekien guk.
Zero patatero.
Kontzertu txikiak, errezitalak, pintxadak, hitzaldiak, dastaketak, mobida kulturalak orohar antolatu genituen. Zeozer egin beharko zen ba, jendea erakartzeko. Pintxoak ere bai. “Ostras. Eta nola egiten dira pintxoak?”. “Jendeak tortila gura du, baina ez daukagu sukalderik!”. “E, peña; badaukazue alimento-manipulatzaile titulurik?”.
Horrela hasi ginen, pintxoak baino kultur ekimen gehiago antolatzen, ideia handirik eduki gabe, baina dirutan inbertitzeko gutxi eskatzen zuen (gehiagorik ez geneukan-eta) proiektu bat abiatzen, herrian bertan inorako autorik hartu behar izan barik lan egiteko eta bizitzeko moduren bat egingo genuelakoan.
“Ene bada, lau urterako firmatu dugu”.
Daborduko bost.
OILO POP BARIK
Bost urte eta, horietako bat, lugorri.
Abuztuaren lehen asteburuan ospatu izan dugu formatu txikiko (baina plazer handiko, as the slogan says) musika jaialditxoa, beti abuztuaren lehenengo asteburuan, urteurrenagaz bat. Lau edizio egin ditugu orain arte. Aurten ez. Zergatik?
Urte arraroa da hau, distantziak eta segurtasun neurri bereziak mantendu beharrekoa, baina ez da horregatik. Gura genuen demostratu bazin genuela. Makrojaialdi guztiek eurena bertan behera utzi duten urtean gurea lako tamaina sostenibleagoa zela erakusteko. Topatu ahalko genuen modua, herriko txosnariak egiten ari diren moduan edo Urmuga ekimenekoek Euskal Herriko hainbat menditan antolatu dituzten kontzertuen antzera, adibide bi ipintzearren.
Bururatzen zaizkigu ideiak eta lortuko genituzke boluntarioak. Baina hori guztia egitea lana ere bada eta lanez gainezka gabiltza berez ere, eta, beraz, aurten, bosgarren urtean, Oilo Pop jaialdiari deskantsu ematea erabaki dugu, EHZ festibalak bere urtean egin zuen eran (bueno, gure formatu txikian).
LUGORRI
Kulturak ez du dirurik ematen. Eta buruko minak bai, ugari. Ederto azaldu zuen hori Unai Iturriaga bertsolariak Igor Elortzagaz berbetan aritu zen entrebista honetan (16. minututik aurrera): https://labur.eus/2bLCd
Egunen baten idatziko dugu detaile guztiekin zelan antolatu ditugun orain arteko jaialdiak eta eguen sozialak, zenbat kostatzen den hori guztia aurrera ateratzea, numerotan ze gutxi datorren bueltan (eta numerotan ez dena, gauzak antolatzera bultzatzen gaituen motibazioa, zein den).
Dedikazio ordu asko, eta denbora eskas beti.
*Denbora faltaren adibide bat: testu hau ere duela ia bi hilabete daukagu estrukturatuta okzipitalean, baina astia hartu behar da gero hau txapa guztia nonork irakurtzeko eran erredaktatzeko (eta ipini beharko zaio argazkiren bat edo zeozer guaya megusta batzuren bidez jende gehiagorengana heltzea errazteko, ezta?). Idatzi ostean ere zuzenketa eta aldaketa gehiago egingo ditugu post honetan, seguru.
Oilo Pop, hau ere bada: debaldeko antolaketa orduak. Ideiak, izenak, emailak. Kudeaketa eta burokrazia frustranteak. Eguraldiaren kezka beti soinean. Lagunak eta lagunen lagunak mobilizatzea. Kartela diseinatzea. Musikarien merkezurreko aktuazioak (zenbat zor diegun). Gratis publikoarentzat eta administrazioarentzat. Litro batzuk saltzen ditugunak, multinazional batenak gehienak. Eskerrak craft eta eko ere saltzen ditugun. Baina apurrak eta irabaziak, bakoitzari berea barik, betikoa eta betikoentzat.
Urte arraro honetan, deskantsatzea eta pentsatzea tokatzen da. Osasun neurriengatik, baina ez bakarrik maskarila eta distantziari buruzko neurriak. Baita ingurumenarekin zerikusia dutenak, musikariek merezi duten bezala ordaintzeari buruzkoak, antolaketa lanak estresetik urrundu eta plazeretik irabaztearenak… Osasuntsua eta sosteniblea: ekonomikoki, ekologikoki eta emozionalki.
Lugorria da aurten Oilo Pop, beraz.
Datorren urtean ederragoa lora dadin.
HAUSNARKETA URTEA DA HAU
Eta bihar, abuztuak 4, martitzena, itxi egingo dugu Kantina. Aurten kooperatiba sortu dugu eta lan-talde berria gara. Ari gara txostenak erredaktatzen eta diru laguntza deialdietara aurkezten. Herrian lan eta bizi ahal dugula badakigu, orain lan egiteko modu horri ere begiratu gura diogu: ea ekonomia sozial eraldatzailean sakondu ahal dugun.
Koop fabrikagaz batzartuko gara horretarako, Kantinatik kanpo. Erreferente dira guretzako eta azken urtean asko lagundu digutenen artean daude, dudarik gabe. Lanari eta etorkizunari buruz pentsatzeko balioko digu, baina baita geure buruari eta gorputzei ere, nola sentitzen garen, zerk motibatzen gaituen, eta balioko digu elkarrekin bazkaltzeko, ardo berriak probatzeko, dibertitzeko, irudikatzeko. Mundua arreglatzeko, geure erara.
Eguaztenean etorriko gara bueltan, betiko ordutegian, baina horizontetik pausu bat hurreago gaudela sentituta.