Artizarra izango da zeru gainean dantzan dir-dir segitzen duen izar hori. Teilatu oraindino lokartuen eta itsastxorien itzalen silueta artetik, sutan esnatu da eguna (ekainak 30 – 06:31). Arrantzaleen bapore txikiek olatuak arrakalatzen dituzte, goizean goizetik, horizontearekiko marra zeiharretan.
Solstizioagaz batera, ekialdea inoiz baino iparralderago dago urte sasoi honetan. Izarorantz bueltatzen hasiko da apurka eguzkia datozen egunsentietan. Eta Kantinan udako ordutegian irekiko dugu hemendik aurrera:
· aste barruan · | · asteburuan · |
10:00 / 23:00 | 11:00 / 23:00 |
Azken tragoa eguna legez luzatzen diren ilunabarretan, aste barruan ere hamaikak arte egongo da gure terraza. Kanpaia ordu laurden arinago jalgiko dugu, 22:45ean, edalontzia azken biderrez betetzeko: Last Call.
🌞🌼🌻🌖
Herriaren egarria
Udaberria lapurtu digutelako sentsazioagaz, ekaina hasieran ireki genuen atzera ere Kantina, geure erritmoan, eta, ordutik, edari berezien egarri zaretela igarri dugu: craft zerbezak, ardo ekologikoak, limoiondoko azal freskoen ukituarekin prestatutako gintonikak…
Eskerrak eman gura dizkizuegu, protokolo neurri berriekin erakutsi duzuen pazientziagatik eta ulerkortasunagatik. Mahaiak eta aulkiak terraza eremuan ordenatuta mantentzeak higiene-lana asko erraztu digu, adibidez, eta, Kantina barruan maskarillekin izerditan blai gabiltzanean, eskertzen da kanpora irten eta dena eskura edukitzea: kopak jaso, mahaiak garbitu, aulkiei ere bakterizida pasa.
Talatik kezkabako atsedena konpartitzea,
osasuna delako.