Txakoliña igogailuan

· Enoteka Kronika ·
Iberdrola dorrea, 2022ko azaroak 7

Astelehen buruzuri bat. Han joan ginen gu Bilbora, Bizkaiko Txakolinaren dastaketa batera, Iberdrola dorrera. Handik bueltan, dozenaka kopa probatu eta gero, gure Top9 zerrenda osatuta itzuliko ginen…

· testua: Nahia Galvan
· oharrak: Ekaitz Goienetxea

Harantz irten aurretik, kafetxo bat Talako Kantinan, mesedez. Autoa nork daroa, nik edo zuk. Zu gidari. Boluetan aparkatuko dugu, Bilbon egun osoko parking plaza bat ordaintzeko bezain aberatsak ez baikara, baina antza astelehen batean Iberdrolan txakoliña edaten ibiltzeko bezain despreokupatuak bai. 

Leku zarratuei fobiarik diezu? Ba tori metroko zuloa eta Iberdrola dorrean 29. pisurainoko igogailua. Antsietatea. Arnasa hartu. Metroan, maskarilarekin. Iberdrola dorrearen sarreran, azafatak. F igogailura. Hogeitabederatzi solairu. Berez. Dastaketa izango den aretoan gaude konturatu barik. Arnasa bota.

Garrantzitsu sentiarazten gaituen ongietorri bat. Izen zerrenda luzea daroa harrerakoak eskuetan, baina mugatua, eta gu horren parte gara, bertan daude gure izenak:

— Aupa! Ekaitz Goienetxea eta Nahia Galvan, biak g-rekin. 🙂

Konfirmatuta. Irribarrea eta barrura. Jazz trio bat leihoen alboan. Lehenengo kopa, Jaun Zuria, Amunategirena. Edizio berezia da eta bageneukan ezagutzeko gogoa. Etiketa ederra diseinatu diote. Tarte luzetxo bat hartzen dugu berori dastatzen eta sortzailearekin berbetan, Anttonekin. 

Galdera lotsati batzuk. Klimaz, uztaz, aurten uda beroa izan dela, sikua. Diosku inoizko uztarik onena eduki dutela, euren bailaran behintzat: mahastiek sustraiak sakon dituztela ur bila lurrazpian eta onddo edo gaixotasunik zero eguratsean. Espero ez genuena, hasierako lehen hitz lotsati horiek, graziazko hitz bihurtuko zirela. Oraindino mahai gehiago daude bisitatzeko eta gero arte esaten diogu Anttoni. 

Selfie bat 29. pisutik mirestu daitezkeen bistekin atzean eta, bertigoarekin flipatzeko modukoa izan arren, egun horretako protagonista nagusi endorfinaz bete gintuen edari hau izango da: Bizkaiko Txakoliña.

Dastaketa aurrera doa, konfiantza eta jakin-nahia handitzen doaz. Ekaitz ausartzen da galdera teknikoagoak egiten, berak aurten baldeetan mahatsa fermentatu duelako, mazerazio karbonikoa eta blablabla. Profesionaltasun eta jakintsu plantak, derrepente. Probatu hau, probatu bestea. Nik onomatopeien eta keinuen bidez adierazten ditut nire iritziak.

Gorrondonako Itziarrekin egin dugu pausa luzeago bat. Ezagutzen dugu (Kantinan bere txakoliña da gehien saltzen duguna) eta sartu garenean ere keinu egin diogu, bueltatxo bat eta geroago egongo garela, mahai aurrean jende multzo handia baitauka. 

Orain lasaiago dabil. Iri probatu dugu lehenago, garraztxoa, bizia, oso berezia (berbak Ekaitzenak dira). Gero Ondare, eta mmmm (hitz hori nirea da). Eta probatu dugu XX. Eman dizkigu azalpenak, atsegin, baina guk gero eta datu gutxiago gordetzeko gaitasuna daukagu eta bakarrik esan probatu ditugun txakoliñen artean top zerrendan ipiniko dugula beranduago.

Aurretik mmm eta oooh bezainbeste gustatu zaigun beste bat probatu behar duela esaten diogu Itziarri: gominola bat dela, Ekaitzek Sauvignon blanc ote zen galdetu diela, hondarrabi zuri dela %100 baina gaztainondo kupel handi baten ondua (eguneko nire top number one). 

Jarraitzen dugu dastaketarekin, han eta hemen: Butroi, Itsasmendi, Magalarte, Talai Azpi, Gorka Izagirre… Hasieran nire hitzak eta hotsak monosilabikoak, lotsatiak eta ezjakintasuna adierazten zutenak baziren ere, kofiantza eta jakinguraren egarria erakusten dute amaierarantz. Bizkaiko Txakolinak ez duen burbuila* hori nik neraman buruan, flotatzen.

*Zuzenketa: apardunak izan ezik.

Azken ordurarte geratu ginen, espero ez bagenuen ere. Ia-ia kanporatuak izateko limitean. Gustura gu, oso gustura. Hirurak dira. Denek bazkaltzera ihes egin dute arin batean. Hustu  ditugu gure kopak eta joan gara igogailurantz, eta, momentu horretan, juxtu, Anttonekin egiten dugu topo berriz ere. Epanadiplosia.

Igogailua hartzen dugu berarekin batera. Beheranzko bidea ez da goranzkoa lakoa, inondik inora. Antsietatea desagertu da. Tripa, gibela eta bihotza beteta ditugu. Igogailuak duen belozidade handiaz hitz egitera ausartzen gara, eta modernitateaz flipatzera, Antton-ekin batera. 

Agur esan aurretik, diotsagu: zure txakolinaren ostean ebentuko ia txakolin guztiak probatu ostean, beharrezkoa ikusten dugu zure lana zoriontzea. Inbidiarik ez gainerakoei. Eskertu dizkigu hitzok. Alaitu zaio aurpegia. 

Nahi dugun arte, diosku. 

Bagoaz gu ere zeozer bazkaltzera, zorabiatu aurretik.

Pd: eskerrik asko Itsasmendi bodegako neskari, whatssapez bodegan galdetzeagatik Bat Berri txakoliña egiteko ea zenbat egun zeukaten mahatsa mazerazio karbonikotan filtratu aurretik (erantzuna: 10-12 egun). 

GURE TOP 9 · ( alfabetikoki )

  • Aihen, Butroi. 
  • Ama, Gorka Izagirre.
  • Aretxabaleta, Magalarte.
  • Arima, Gorka Izagirre.
  • Bat Berri, Itsasmendi.
  • Fermentado en Barrica, Magalarte. 
  • Jaun Zuria, Amunategi.
  • Ondare, Gorrondona.

XX, Gorrondona.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.