Astelehen buruzuri bat. Han joan ginen gu Bilbora, Bizkaiko Txakolinaren dastaketa batera, Iberdrola dorrera. Handik bueltan, dozenaka kopa probatu eta gero, gure Top9 zerrenda osatuta itzuliko ginen…
Talako Kantinaren hiru produktu hauek kafe-makinaren eremuan juntatzen dira. Espezialidade-kafea eskaintzen dugu Kantinan, Bermeoko kafe onena igual? Oraindino ikasten eta hobetzen jarraitzen dugu, beraz onena ailegatzear egongo da!
Hiru errota dauzkagu eta, horietako baten, kafea aldatzen joaten gara, jatorri, prozesu eta barietal desberdinak probatzen joateko. Nonoiz hirugarren errota horretan eduki dugun kafe berezi bat sartu genizuen otzaretan…
Barista ikastaro trinko baten egon gara. Horretarako probestu dugu udaosteko etenaldiaren lehen astea. Hiru eguneko ikastaroan, kafea ulertzeko modua aldatu egin zaigu, goitik behera. Hasieratik eta amaierara.
Kafea fruta bat dela bagenekien, gerezi gorria dela landarearen hazia – edo horia, edo laranja, kolore gehiago ere hartzen ditu-eta fruta helduak, kafe barietalaren arabera. Eskuz jasotzen dituzte finketan, goi altitude eta aldapa handiko landaketetan. Gereziaren barruan, kafe ale bi, elkarri begira. Azala, mamia eta hainbat geruza dituzte babes kafe ale oraindino berdeek.
Gainazal horiek kendu eta kafe garauak ahalik eta ondoen lortzeko, prozesu diferenteak erabiltzen dituztela ere bagenekien: lavado, natural edo honey (espainolez erabiltzen diren terminoekin). Prozesu bakoitzak diferente eragiten du eta kafeak berezkoak dituen aromak eta zaporeak indartzen ditu era batera edo bestera. Eta hobeto ulertu dugu (edo hori uste dugu!).
Kafe barietal bakoitzari hobeto doakio prozesu bat edo beste bat, eta jatorriak ere eragin handia dauka: ez da berdin Kenyan eta Etiopian, urik apenas eta tenperatura altuko giro sikuetan, edo Kolonbian eta Brasilen, hezetasun handiegia dagoen giro tropikaletan. Natura inteligentea da eta barietal bakoitzari egokien doakion prozesua, hain justu, geografiak berezkoa duen klimarekin bat doana da.
Arabika eta Robusta (eta abar luze bat)
Izan ere, bi tropikoen artean landatzen diren kafe landareak hainbat barietate eta dozenaka barietal eta azpibarietaletan sailka daitezke (eta adibidez Etiopian oraindino katalogatu barik daudenak!), bakoitza bere ezaugarri organoleptiko bereziekin.
Kafe-landare espeziearen familia-zuhaitza oso zabala da, baina barietate nagusiak, ezagunenak eta kafetegietan erabilienak, bi dira: arabika eta robusta.
Arabika da gehien erabiltzen dena: aroma eta zaporetan abaniko zabalagoa eskaintzen du, azidoagoa da esperoko genukeena baino, kafeina-maila %1,2-1,7 artean dauka eta 600-700 metrotik gorako altitudeetan bakarrik hazten da.
Robusta landare sendoagoa da, itsaso mailatik gora hazi daiteke, kafeina portzentaia altuagoa dauka (sendoagoa izaten laguntzen diona izurriteen aurrean) %2,2 edo gehiago, arabikaren bikoitza ia, eta mingotsagoa da, baina organoleptikoki aspergarriagoa.
Kafe ale berdeak momentuan bertan tostatzen. Catuai amarillo barietala, prozesu naturalez fermentatua.
Kafe marka komertzialek bien arteko nahasketak egiten dituzte, urte osoan zehar produktu estandar bat edukitzeko. Kafe-tostadore txikiek, ordea, produktoreekin harreman zuzenagoa landu, sasoian sasoiko uztak ekarri eta aste batetik bestera tostatzen dituzte barietal diferenteak, landaketa eta jatorri bakoitzari bere kolorea ateratzeko. Aromarik eta zaporerik interesgarrienak indartzeko.
Adibidez {klik}, ikasi dugu Hego Amerikako barietalek kakao eta karamelu aroma gozoagoak dituztela; Afrika ekialdean, aldiz, fruta gorriak eta zitrikoak ageri direla, prozesu naturalagaz tratatuak direnean oraindino bereziagoak direnak ñabarduretan (eta kotizatuagoak); India eta Txinakoak espeziatuak eta arraroagoak direla gure usaimen-ohituretarako; Brasil dela gehien ekoizten duen herrialdea (eta komertzialena); Finlandia dela gehien kontsumitzen duena. Eta abar.
Horiek guztiak ikasi genituen hiru eguneko ikastarotik lehendabizikoan. Azalpenak ulertu eta apunteak hartu eta gero, kafe diferenteen kata bat egin genuen, profesionalek egiten dituzten erritualak jarraituta: aurrena, kafea errotatik eho-berria (a ze aroma festa!); gero, infusionatu 90 graduko uretan eta usaindu berriro; gero, kafe hautsen ‘kostra’ kendu infusioaren gainazaletik, eta berriro antzeman bolatil berriak, zitrikoak, frutak, txokolatea…
Azkenik, zurrup!! Koilara bategaz ahoratu kafe epela. Zarata eta guzti. Ahoan zafra barreiatu eta tanta guztien ñabardurek eztanda egiteko, mingainaren punta-ertz-atzekaldean,
Haluzinantea usainen eboluzioa, pausutik pausura eta kafe batetik bestera. Tranpa bat sartu ziguten tartean, eta, gure sudurrak oraindik hasiberriak badira ere, berehala asmatu genuen: torrefaktu ale batzuk zituen nahastuta kafeetako batek, bere neumatiko-erre eta tuboskape kiratsarekin.
– A ver. Eta kafeterako kafea? Kantinan kafea hobeto ateratzen ikasi duzue edo zertarako balio digu brasa honek guztiak?
Ikasi genuen, bai, kafetegiko makinarekin espresso on bat bere puntuan zelan ateratzen den, baina hori beste egun baterako utziko dugu. Oraingoz, jakin, kafearen hainbeste bariedade ulertu, dastatu eta disfrutatu ostean, Kantinan horiek denak kabitzen ahaleginduko garela hemendik aurrera, apurka-apurka.
Hurrengo post batean informazio gehiago!
PD: kafe-landare tiki bat ekarri dugu bermeora tiestoan, denon artean jagoteko 😉
Heltzen hasi da uda amaiera. Egongo dira aurtengo uda arraro hau agurtzeko pena izango dutenak, baita dena ahaztu eta normalidade osora bueltatu nahirik udaz agurtu nahi dutenak ere.
Normaltasun berri bat bizi behar genuela esan ziguten, eta egin ditugu ahaleginak horri eusteko. Denok eroso sentitzeko eta elkar zaintzeko modua topatzea izan da gure ahalegin nagusienetako bat, eta egin dugu lana hori posible izan dadin.
Bermeoko jaiak datoz orain eta hauek ere normaltasun berri honek eskatzen duen egoeran bizi beharko dira. Tamalez, orain arte bilatzen eta lantzen ari garen bideragarritasun hori posible izango ez den beldurra dela-eta, irailaren 8-9 eta 15-16 egunetan kantina zarratzea erabaki dugu.
Erabaki gazi-gozoa da baita guretzat ere, lan egiten dugun leku zoragarri honetan, begiei eta birikei arnas emateko balio digun parajean, pandemiarik ezin dela zabaldu pentsatzen dugulako batzuetan. Haatik, jai eta parranda gogoa kontajiatzeko egunak hurbiltzen doazen heinean, egoera kontrolatzeko lar gatxa izango dela imajinatzen hasi gara, eta erantzun bat eman behar izan diogu.
Herriko ostalariok Udalagaz daukagu batzarra (etzi) eta oraindino ez dakigu zein izango den batzar horretan adostuko dugun erabaki kolektiboa, baina guk gure lekutxo honetatik erabaki dugu lau egunez zarratuko dugula Kantina, gutxienez:
irailak 8, andra mari eguna
irailak 9, arrantzale eguna
irailak 15, santa eufemia bezpera
irailak 16, jaien azken eguna
Talako kantinako kideok uste dugu orain gure buruak direla zaindu behar ditugunak, eta uda honetan zehar hain momentu goxoak eman dizkigun Tala parke osoa ere bai. Zaindu dezagun bada Tala eta zaindu gaitezen elkar.
—Irati Ortube Zulueta
Distantziaren eta beste aldagai batzuen eragina transmisio-arriskuan:
Bost urte. Ofizialki abuztuaren 1ean. Arinagotik hasi baginen ere.
Idatzi genuen proiektu bat Udalari aurkezteko eta pujatu genuen ahalik eta baxuen; ez geneukan dirurik eta bagenekien idazten. Taellada antolatu zuten gazteek, eta atera genuen barra bat: “Dirua aurreratu beharko da jeneroa erosteko, edo? Nori eskatzen zaizkio heinekenak, jagermaisterrak eta josekuerboak, eta zenbat?”. Prestaketa eta kudeaketa txosnero eta hasiberri batzuk egin genituen arrankatzeko.
Hori baino arinago ere badago bideo bat mobilaren hemerotekan. Kantinaren zaharberritze lanak egiten ari ziren oraindino, obretako hesiak-eta kendu barik. Zulo bat eskaileretan. Eskonbroak arbola artean. Zelako proiektura murgilduko ginen oso ondo jakin gabe, urduritasun eta insomnio gau horietako batez, burua kezkaz biraka, obreroek eragindako hautsez beteta bezala, dena laino. Eta, aurrean, eguzkia irteten horizontetik.
Timelapse bat. Bost urte daborduko. Ofizialki abuztuaren 1ean, 2015etik hona.
Udalaren aparejadorearekin, arkitektoarekin eta subkontratarekin eztabaidan aritu ginen hasierako egunetako baten, kañeroa barran ez zela sartzen-eta, ia zer Kantina modu izango zen zaharberritu hau, kañero bat ere ez bada kabitzen inon. Han gu, hasiberriok, Heinekenen teknikariarekin kañeroa kabitzeko tetrisa egiten metro koadro gutxiko habitakulo errenobatu hartan. Hori bai, bentana berriak preziosoak.
Zer genekien guk. Zero patatero.
Kontzertu txikiak, errezitalak, pintxadak, hitzaldiak, dastaketak, mobida kulturalak orohar antolatu genituen. Zeozer egin beharko zen ba, jendea erakartzeko. Pintxoak ere bai. “Ostras. Eta nola egiten dira pintxoak?”. “Jendeak tortila gura du, baina ez daukagu sukalderik!”. “E, peña; badaukazue alimento-manipulatzaile titulurik?”.
Horrela hasi ginen, pintxoak baino kultur ekimen gehiago antolatzen, ideia handirik eduki gabe, baina dirutan inbertitzeko gutxi eskatzen zuen (gehiagorik ez geneukan-eta) proiektu bat abiatzen, herrian bertan inorako autorik hartu behar izan barik lan egiteko eta bizitzeko moduren bat egingo genuelakoan.
“Ene bada, lau urterako firmatu dugu”. Daborduko bost.
OILO POP BARIK
Bost urte eta, horietako bat, lugorri.
Abuztuaren lehen asteburuan ospatu izan dugu formatu txikiko (baina plazer handiko, as the slogan says) musika jaialditxoa, beti abuztuaren lehenengo asteburuan, urteurrenagaz bat. Lau edizio egin ditugu orain arte. Aurten ez. Zergatik?
Urte arraroa da hau, distantziak eta segurtasun neurri bereziak mantendu beharrekoa, baina ez da horregatik. Gura genuen demostratu bazin genuela. Makrojaialdi guztiek eurena bertan behera utzi duten urtean gurea lako tamaina sostenibleagoa zela erakusteko. Topatu ahalko genuen modua, herriko txosnariak egiten ari diren moduan edo Urmuga ekimenekoek Euskal Herriko hainbat menditan antolatu dituzten kontzertuen antzera, adibide bi ipintzearren.
Bururatzen zaizkigu ideiak eta lortuko genituzke boluntarioak. Baina hori guztia egitea lana ere bada eta lanez gainezka gabiltza berez ere, eta, beraz, aurten, bosgarren urtean, Oilo Pop jaialdiari deskantsu ematea erabaki dugu, EHZ festibalak bere urtean egin zuen eran (bueno, gure formatu txikian).
LUGORRI
Kulturak ez du dirurik ematen. Eta buruko minak bai, ugari. Ederto azaldu zuen hori Unai Iturriaga bertsolariak Igor Elortzagaz berbetan aritu zen entrebista honetan (16. minututik aurrera): https://labur.eus/2bLCd
Egunen baten idatziko dugu detaile guztiekin zelan antolatu ditugun orain arteko jaialdiak eta eguen sozialak, zenbat kostatzen den hori guztia aurrera ateratzea, numerotan ze gutxi datorren bueltan (eta numerotan ez dena, gauzak antolatzera bultzatzen gaituen motibazioa, zein den).
Dedikazio ordu asko, eta denbora eskas beti.
*Denbora faltaren adibide bat: testu hau ere duela ia bi hilabete daukagu estrukturatuta okzipitalean, baina astia hartu behar da gero hau txapa guztia nonork irakurtzeko eran erredaktatzeko (eta ipini beharko zaio argazkiren bat edo zeozer guaya megusta batzuren bidez jende gehiagorengana heltzea errazteko, ezta?). Idatzi ostean ere zuzenketa eta aldaketa gehiago egingo ditugu post honetan, seguru.
Oilo Pop, hau ere bada: debaldeko antolaketa orduak. Ideiak, izenak, emailak. Kudeaketa eta burokrazia frustranteak. Eguraldiaren kezka beti soinean. Lagunak eta lagunen lagunak mobilizatzea. Kartela diseinatzea. Musikarien merkezurreko aktuazioak (zenbat zor diegun). Gratis publikoarentzat eta administrazioarentzat. Litro batzuk saltzen ditugunak, multinazional batenak gehienak. Eskerrak craft eta eko ere saltzen ditugun. Baina apurrak eta irabaziak, bakoitzari berea barik, betikoa eta betikoentzat.
Urte arraro honetan, deskantsatzea eta pentsatzea tokatzen da. Osasun neurriengatik, baina ez bakarrik maskarila eta distantziari buruzko neurriak. Baita ingurumenarekin zerikusia dutenak, musikariek merezi duten bezala ordaintzeari buruzkoak, antolaketa lanak estresetik urrundu eta plazeretik irabaztearenak… Osasuntsua eta sosteniblea: ekonomikoki, ekologikoki eta emozionalki.
Lugorria da aurten Oilo Pop, beraz. Datorren urtean ederragoa lora dadin.
HAUSNARKETA URTEA DA HAU
Eta bihar, abuztuak 4, martitzena, itxi egingo dugu Kantina. Aurten kooperatiba sortu dugu eta lan-talde berria gara. Ari gara txostenak erredaktatzen eta diru laguntza deialdietara aurkezten. Herrian lan eta bizi ahal dugula badakigu, orain lan egiteko modu horri ere begiratu gura diogu: ea ekonomia sozial eraldatzailean sakondu ahal dugun.
Koop fabrikagaz batzartuko gara horretarako, Kantinatik kanpo. Erreferente dira guretzako eta azken urtean asko lagundu digutenen artean daude, dudarik gabe. Lanari eta etorkizunari buruz pentsatzeko balioko digu, baina baita geure buruari eta gorputzei ere, nola sentitzen garen, zerk motibatzen gaituen, eta balioko digu elkarrekin bazkaltzeko, ardo berriak probatzeko, dibertitzeko, irudikatzeko. Mundua arreglatzeko, geure erara.
Eguaztenean etorriko gara bueltan, betiko ordutegian, baina horizontetik pausu bat hurreago gaudela sentituta.
Artizarra izango da zeru gainean dantzan dir-dir segitzen duen izar hori. Teilatu oraindino lokartuen eta itsastxorien itzalen silueta artetik, sutan esnatu da eguna (ekainak 30 – 06:31). Arrantzaleen bapore txikiek olatuak arrakalatzen dituzte, goizean goizetik, horizontearekiko marra zeiharretan.
Solstizioagaz batera, ekialdea inoiz baino iparralderago dago urte sasoi honetan. Izarorantz bueltatzen hasiko da apurka eguzkia datozen egunsentietan. Eta Kantinan udako ordutegian irekiko dugu hemendik aurrera:
· aste barruan ·
· asteburuan ·
10:00 / 23:00
11:00 / 23:00
Azken tragoa eguna legez luzatzen diren ilunabarretan, aste barruan ere hamaikak arte egongo da gure terraza. Kanpaia ordu laurden arinago jalgiko dugu, 22:45ean, edalontzia azken biderrez betetzeko: Last Call.
🌞🌼🌻🌖
Herriaren egarria
Udaberria lapurtu digutelako sentsazioagaz, ekaina hasieran ireki genuen atzera ere Kantina, geure erritmoan, eta, ordutik, edari berezien egarri zaretela igarri dugu: craft zerbezak, ardo ekologikoak, limoiondoko azal freskoen ukituarekin prestatutako gintonikak…
Eskerrak eman gura dizkizuegu, protokolo neurri berriekin erakutsi duzuen pazientziagatik eta ulerkortasunagatik. Mahaiak eta aulkiak terraza eremuan ordenatuta mantentzeak higiene-lana asko erraztu digu, adibidez, eta, Kantina barruan maskarillekin izerditan blai gabiltzanean, eskertzen da kanpora irten eta dena eskura edukitzea: kopak jaso, mahaiak garbitu, aulkiei ere bakterizida pasa.
Osasun larrialdiak eraginda Kantina zarratu behar izan eta gero, astelehen honetan irekiko dugu atzera ere. Denda modura irekiko dugu, ez taberna; eta ordutegi mugatuarekin.
astelehenetikbarikura11:00etatik 14:00etara
Gainera, Euskal Herriko produktuak bakarrik eskainiko ditugu lehenengo egun hauetan. Almazenetik irteteko gogo eta beharrizan handiena dutenak: ardo organikoak, hurreko sagardotegiak, zerbeza artisauak, eroateko kafea&esnea, zumo ekologikoak.
Batetik, gustatzen zaizkigun proiektuei lagundu gura diegulako: bodega edo fabrika txikiak, konfinamenduak bereziki kalte egin dien produktore horiek. Bestetik, multinazional handiengandik urrun segitu gura dugulako.
Distantziamendua onuragarria izan bada osasunarentzat, estrategia berbera probatuko dugu multinazionalentzat, astebetez gehiago bada ere, a ver zer gertatzen den.
· · · Ohiturak aldatu · · ·
Honezkero, ez da ezer iguala izango. Esaldi hori entzun edo irakurri dugu askotan. Ikasiko genuela denok beste era batera bizitzen, benetako balioa zeri eman behar diogun ulertzen, zaintza-lanak, osasuna, elikadura mimatzen. Aukera dagoela sakakada kolektiboa emateko noranzko horretan: bizitza erdigunean ipiniko duten dinamiketan.
Gu ez gaude oso seguru gauzak asko aldatuko ote diren, edo aldaketa denak izango diren positibo (eta norentzat); ez dugu baikorregiak izan gura.
Normaltasun arraroa da mundua ulertzeko orain arte eduki dugun modua eta operandia. Aldaketarik ekarri duen gu guztion mentalkerietan konfinamendu honek guztiak? Badaude baikor direnak. Ezkorrak ere asko dira, ordea, gauzek bere horretan berdin jarraituko dutela diotenak.
Berdin jarraituko dugu orduan guk ere, hau guztia aldatzeko ahal duguna egiten. Orain arte bezala.
· · · Lagunak lagundu · · ·
Sektore batzuetan tripako minez ikusi behar izan dugu zelan komertzio txiki askok lehendik ere zaila zeukaten egoerak okerrera egin dien, eta, bitartean, multinazional handiek negozioak handitu dituzten.
Nekazariei azoketan saltzea debekatu zitzaien egun askoan, eta Corte Inglesek jaiegunetan ere ireki zuen. Liburu-denda batzuek ezin izango dute berriro aterik ireki, eta Amazonek sekulako irabaziak egin ditu. Adibideak asko dira, haserretzeko modukoak.
Guk ez daukagu gaitasun handirik mundua iraultzeko, baina beti paratuko gara txikien alde, ahal dugun neurrian. Horregatik lagunduko diegu, lehenengo, beharrizan handiagoa duten proiektuei. Hurrekoei, urrea baino hurreagoei. Jagon gura ditugun harreman benetan baliotsu horiei.
· · · Dendaren funtzionamendua · · ·
Hasieran esan dugun eran, astelehenetik barikura irekiko dugu, hiru orduz. Horrek esan gura du ez dela terrazarik egongo, eta komuna ere ez dela erabilgarri egongo. Kantina barrura ere ezin izango da sartu, langileok bakarrik.
Leihotik atendituko zaituztegu. Kartatik, aukeran dauden produktuak elejidu eta eroateko preparatuko dizkizuegu. Edalontzirik ez dugu zerbitzatuko. Salbuespen bakarra, eroateko kafea eta infusioak izango dira. Paperezko edalontzietan aterako ditugu eta paperontzi bat egongo da edalontzi horiek birziklatzeko.
Ordainketak eskudirutan egingo dira (ez daukagu Internet, bizum edo datafonorik). Jasoko ditugun diruak ontzi batera sartuko ditugu, eta bueltak aurretik desinfektatuta ditugun txanpon eta bileteekin itzuliko dizkizuegu.
Legeriak markatutako higiene-neurri guztiak beteko ditugu (hainbeste parrafo artean galtzen ez bagara, behintzat), eta, behar izanez gero, geure lokalera egokitutako neurri propioren bat extra ere hartuko dugu.
Zaindu Tala. Zaindu zuek. Zain gaitezen denon artean.