Abuztua joan da ta

Heltzen hasi da uda amaiera. Egongo dira aurtengo uda arraro hau agurtzeko pena izango dutenak, baita dena ahaztu eta normalidade osora bueltatu nahirik udaz agurtu nahi dutenak ere.

Normaltasun berri bat bizi behar genuela esan ziguten, eta egin ditugu ahaleginak horri eusteko. Denok eroso sentitzeko eta elkar zaintzeko modua topatzea izan da gure ahalegin nagusienetako bat, eta egin dugu lana hori posible izan dadin. 

Bermeoko jaiak datoz orain eta hauek ere normaltasun berri honek eskatzen duen egoeran bizi beharko dira. Tamalez, orain arte bilatzen eta lantzen ari garen bideragarritasun hori posible izango ez den beldurra dela-eta, irailaren 8-9 eta 15-16 egunetan kantina zarratzea erabaki dugu. 

Erabaki gazi-gozoa da baita guretzat ere, lan egiten dugun leku zoragarri honetan, begiei eta birikei arnas emateko balio digun parajean, pandemiarik ezin dela zabaldu pentsatzen dugulako batzuetan. Haatik, jai eta parranda gogoa kontajiatzeko egunak hurbiltzen doazen heinean, egoera kontrolatzeko lar gatxa izango dela imajinatzen hasi gara, eta erantzun bat eman behar izan diogu.

Herriko ostalariok Udalagaz daukagu batzarra (etzi) eta oraindino ez dakigu zein izango den batzar horretan adostuko dugun erabaki kolektiboa, baina guk gure lekutxo honetatik erabaki dugu lau egunez zarratuko dugula Kantina, gutxienez:

  • irailak 8, andra mari eguna
  • irailak 9, arrantzale eguna
  • irailak 15, santa eufemia bezpera
  • irailak 16, jaien azken eguna

Talako kantinako kideok uste dugu orain gure buruak direla zaindu behar ditugunak, eta uda honetan zehar hain momentu goxoak eman dizkigun Tala parke osoa ere bai. Zaindu dezagun bada Tala eta zaindu gaitezen elkar.

—Irati Ortube Zulueta

Distantziaren eta beste aldagai batzuen eragina transmisio-arriskuan:

informazio gehiago: https://aldizkaria.elhuyar.eus/albisteak/distantzia-fisikoa-ezartzean-inguruneko-aldagaiak-/

Presa ez da osasuntsua

Talako Kantina atzera ere irekitzeko pausuak astiro emango ditugu. Mundu mailako osasun-larrialdiaren ostean, Espainiako gobernuak itzulera faseka egiteko neurriak aurkeztu ditu, eta, horiek irakurri eta gero, kantinariok geure erritmoa markatzea erabaki dugu.

Hauek izango dira Talako Kantinaren deseskalada-faseak:

1.go fasea: zarratuta

Oraindino ez daude lege-baldintza egokienak gure jarduna garatzeko. Presaka arrankatu beharrean, gurago dugu gauzak astiro eta ondo egin.

Kantina prestatzen ibiliko gara hasierako fasean: eskinarik ilunenak buru-belarri garbitu, horma zikinduak zuriz margotu eta bueltarako higiene neurri egokienak instalatu.

2. fasea: hurreko produktuak

Pandemiak ez digu guztioi berdin eragin. Multinazional batzuek dirutza egin duten bitartean, komertzio txiki askok zarratu egin behar izan dute. Ostalaritzan ere, badaude gehiago sufritu duten proiektuak: txikiak, artisauak, bertokoak.

Kantinaren 2. fasean denda modura funtzionatuko dugu eta prioridadea emango diegu produktu lokalei eta ekologikoei, laguntzeko gure era izango da. Multinazionalei distantzia ipintzea.

3. fasea: terraza berria

Indarberrituta irekiko dugu, azken fasean, Talako Kantina: barrutik garbi eta margotuta, karta zerrenda osatuago bat eta, pastelaren ginda, enkargatu dugun terraza berria.

Tala garbiago eta osasuntsuago baten alde, neurriak hartzen jarraitu gura dugu. Disfrutatzea, arduratzea ere badelako. Artitan, mesedez, zaindu dezagun Tala, denon artean.

Elkartasuna gremiokideekin

Gorago ere esan dugu: pandemia honek ez gaitu guztiok berdin kolpatu. Zintzoak izateko, Kantinaren egoera ekonomikoa nahikoa jasangarria da. Horregatik hartuko dugu hau guztia lasai, astiro, eta ahal dugun neurrian produktu lokalei lagunduz.

Ostalaritzako kide askoren egoera, tamalez, ez da hain erraza izaten ari, eta horiekiko elkartasuna adierazi gura dugu hemendik.

Herriko taberna gehienok ez dugu hasieran irekiko, osasun neurriak eta mugak zorrotzegiak direlako eta ez direlako lanerako baldintza egokiak. Batzuek, hala ere, hasieratik irekiko dute, euren egoera ekonomiko larriak behartuta, derrigor, gastu handiegiak dituztelako.

Guztien egoerak desberdinak direla onartzea da, gure ustez, elkarrekiko elkartasuna lantzeko abiapuntua: beharrizan handiena duenarekin solidarioak izateko momentua da, apurka-apurka denok egiteko aurrera, elkarrekin, atzean inor utzi barik.

Herriko lanpostu eta negozio txikien bideragarritasuna ere ardura kolektiboa delako.

Zaindu eta, ahal dugun neurrian,
babestu herriko lokalak!